XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jarrera negatiboa duten eskola-zuzendariak edo irakasleak beren eskolan horrelako arazorik ez dagoela uste dute; eta egotekotan berehala arautuko lituzketela ere pentsatzen dute. Arazoa horrela jokatuz konpondu dutela pentsatzen dute.

Egoera sozialak edo moralak era autoritario horretan arautzeak, haatik, objektuen bidez ikastea eragoztera darama; eragotzi ere eskola-komunitate zuzen potentzial bat sortzea eragozten du, baita ikasleak erantzukizuna bereganatzeko eta beren arrazoimen praktikoaz baliatzeko gai direla sinestea ere.

Hezkuntzaren ikuspegitik, hortaz, ezinbestekoa da tentsio moralez eta sozialez konturatzea ahalbidetzen duen sentiberatasuna izatea. Sentiberatasun horrek, gainera, indarrean dauden arau-sistemak eta juzgatze-irizpideak zalantzan jartzera eraman behar gaitu, eta, horrez gain, harremanak iluntzen eta sistemaren bizitza arriskuan jartzen edo, behintzat, esklerosi funtzional baten zentzuan zurruntzen duten gatazka subliminalak atzematera.

Gatazkak goitik eta zuzeneko moduan arautzeak zera esan nahi du: ikasleenganako konfiantzatik eta eskola-komunitate zuzena antolatzetik guztiz urruntzen garela. Arautu egiten duenak kanpo instantzien edo agintaritza-organoen eskuetan uzten ditu erabakiak; erantzukizuna eta komunitatearen zein ikasleen mailaz mailako heldutasuna ezabatu egiten ditu.

Juzgatze-, justifikatze-, jokabide- eta konbentzimendu-prozesuak ere blokeatu egiten ditu. Modu horretan, eskola-komunitate zuzenetako zubi elkarreragileek eta gatazka subliminalek eskaintzen duten ikaskuntza-materiala alferrik galtzen da oso-osorik.

Norberaren bizipenen bidez ikastearen printzipioa, haatik, ikaskuntza-material bizidun horretaz baliatzean datza. Zaharra da printzipio hori. Izan ere, pedagogo erreformista guztiek horrelako zerbait postulatu dute, modu batean edo bestean. Piaget, berriz, psikologiaz baliatu zen printzipio hori sakontzeko.

Bere esanetan, testuinguruan ihardutea aldez aurretiko baldintza da buru-eragiketak eraikitzeko. Kasu honetan, dena den, objektua ez da esperimentu kimiko, arkeologi indusketa edo antzekorik. Oraingo objektua eguneroko arau sozial eta moralak dira, eskola, familia, bikote edo lantokiaren testuinguruan sortzen duten problematikarekin batera; beraien egituraz jabetzeko modu bakarrak eztabaida aktiboa eta partaidetza dira.

Arauen sortze- eta oinarritze-testuinguruan txertatzea bizipen postiboa da gizabanakoarentzat, horren bidez ikus baitezake, modu konkretuan, zer den akordio baten indarra, argudio baten konbentzimendu-ahalmena, hartutako erabaki bat praxira eramatea, eta erreferentzia indibidualei nagusitzen zaion erreferentzia-sistema batek eskatzen duen erantzukizuna borondate librez onartzea.

Bizipenak hemen duen esanahia, hortaz, prozesu demokratikoetan inplikatzea da. Halaber, bizipenak ezagutza demokratikoaren balioa eta zirkunstantzia moralen larritasuna determinatzen ditu, eta erabakien aplikazio legitimatzailea (praxiak presionaturik) inplikatzen du.